Laguntza unitatea

 Barnehartzaile edo  inklusibo izatea ikastetxearen eta Hezkuntza Laguntza Unitatearen erronka nagusia da. Ikasleak gure ikastetxearen eta gelaren parte izatea , bertan ongi gustora sentitzen saiatzea, bere ikaskuntza prozesuan partehartzaile aktiboa izatea nahi dugu; irakaslea eta bere ikaskideak nahiz familiak bidelagun eta laguntzaile izanik.

Anak (orientatzaileak), Maitek  (Entzumen eta hizkuntza irakaslea), Miren nahiz Oihana (Heziketa Bereziko irakasleak) eta Mariajek  (Hezkuntza Laguntza espezialistak) osatzen dugu unitatea.

Gure eginkizuna,  ikasleen beharrei arreta eskeini eta eskuhartzea antolatzea da. Honetan datza, hain zuzen ere:

-Berariazko hezkuntza laguntza premiak  dituztenak detektatu  eta ebaluazio psikopedagogikoa burutu (detekzio protokoloen bidez, test eta frogen bidez…).

- Behar duten laguntza eta zerbitzuak  kudeatzea eta eskeintzea. Laguntza saioak antolatu eta koordinatu erakunde ezberdinekin arreta integrala izan dadin.

-Kanpotik datozen ikasle berriekin eta kultura desberdina duten ikasleekin  harrera plana martxan jarri. Behar dituzten laguntzak martxan jarri eta jarraipena egin.

-Gizarte Langileekin, Osasunbidearekin eta beste zerbitzu batzuekin  sarean lan egin. 

-Premia izatekotan beste kanpoko erakunde batzuekin elkarlanean aritu. Esate baterako, Creenarekin, Estimulazio Goiztiarrarekin…

      Hau guztia, Aniztasun Planaren bidez (bertan Harrera plana aurkitzen da) eta Orientazio eta Tutoretza Planaren bitartez (gure ikastetxeko marko orokorra dena) garatzen dugu.Ikasturtero, planaren urteko zehaztapen bat sortzen dugu eta bertan jarritako helburuak betetzen saiatu behar gara. Urteko Programazio Orokorrean kokatzen dugu.

    Azkeneko urteetan Hizkuntzaren estimulazioa (ahozkoa eta idatzizkoa) gure ikastetxean lehentasunezko gaia da. Ikasleek 3 urte dituztenetik 8 urterarte, hizkuntza garatzeko jarduerak egiten dituzte, Entzumena eta Hizkuntzaren irakaslearen gidaritzapean eta  tutoreen laguntzarekin. Familia eta eskoalaren arteko elkarlana oso garrantzitsua da arlo honetan ere.